Sirenoa

[vimeo]http://vimeo.com/18738531[/vimeo]

 

Getxoko Sirenoa Algortako Portu Zaharrean Marcos López Argentinako sortzailearen Sireno del Río de la Plata argazkiaren aldi baterako instalazioa da. Moilan bertan ipinitako irudiak irakurketa ezberdinak eskaintzen ditu marearen arabera: itsasgorak gorputz-enborra biluzik duen gizon baten argazkia lagako digu ikusten soilik, eta marea jaisten doan heinean, itsasoko izaki bat dela erakutsiko digu, Sireno bat. Imajinazioa astintzen duen pertsonaia.

Instalazioa itxurei buruzko metafora bat da, erakusten eta aldi berean izkutatzen denari buruzkoa. Aldi berean, Hegoaldetik Iparralderako migrazioei buruzko begirada berri bat eskaintzen du.

Intalazioaren diskurtsoa berria da, izan ere, kaleetako ohiko eskultura argazki batek ordezkatzen du eta heroia izaki anonimo batek. Alejandro Castellote argazki komisarioaren hitzetan: “ez da arte publikoa, euren hiriak apaintzeko instituzioek artistei egindako enkarguek hartzen duten zentzu berean. Espazio publikoetatik komunitatera zuzendutako artea da, estatuaren itxura duen heroia ikono moduan alde batera utzi duena”.

Marcos Lópezen lanaren norabideak mitoak, ikonoak eta artelan unibertsalak “hegoaldetik” birdefinitzen ditu. Marcosek dioen moduan:  “Sireno  del  Río de  la  Plata periferiaren metafora bat da. Goiz batean azaldu zen, erdi itota, Río de la Platako uretan. Itsasoaren antza duen ibaiertzik gabeko ibaia. Amerika handiaren urrearen bila konkistatzaileak sartu ziren ibaia. Sirenoa ilusio bat da”. Alejandro Castellotek zera  zehazten du: “Sireno del Río de la Plata-n (2002) ere erreferentziek elkar bizi dute aldiberean: Hans Christian Andersen-en Sirenatxoa-ren aipamen nabariaren atzean –Kopenhageko Langelinie portuan dago–, generoz aldatua eta bere eszenatoki bakartia hondakinez beteriko ibai lats batengatik aldatua, Argentinako diktadura militarraren memoria azalera ateratzen da, disidenteak orain lasaitasunaren itxura ematen duen uretara bota zituen diktadura. Marcos López-en lanean tragediak etengabe mehatxatzen du irribarrea”.

Diziplina anitzeko proiektua: arkitektura + gastronomia
Argazkilaritza, arkitektura eta gastronomia batzen dituen diziplina anitzeko proiektua da hau. Xabier Goikoetxea Bilboko arkitektoak diseinatu eta eraiki du Sirenoaren irudiarentzako egitura espezifikoa. Zurruna ez den euskarria da, itsasoaren joan etorriari egokitzen zaio eta irudiari mugikortasuna ematen dio. Egitura altzairu herdoilgaitzezko 30 tutu angeluzuzenez osatua dago; aurrez hainbat kablerekin barnealdetik kordatuak, eta Portu Zaharreko kaian dauden uztaietatik zintzilik daude.

Bestetik, Portu Zaharreko ostalariak (Itsas Bide, Portu Zaharra, Arrantzale, Txomin eta Usategi tabernak) eta Etxanobe Jatetxeko Fernando Canales sukaldari ospetsua elkartu dira eta obran inspiratutako pintxoa sortu dute, Sireno Pintxoa. “Sirenoa erdi-gizona eta erdi-arraina denez, pintxoa erdi-okela eta erdi-mariskoa da” azaldu du Canales-ek, “otarrainxka, oilaskoa eta Sirenoari hainbeste gustatzen zaizkion algekin egindako kebab misto-brotxeta bat egin dugu, eta ogia bustitzeko euskal ketchup gozoa prestatu dugu, baratzeko tomate eta piper txorizeroak, antxoa gatzetan, eztia eta garagardo-ozpinarekin egindakoa.”