Guri buruz

 

Begihandi taldeak bultzatuta, irudien zirkulazioarako ezohiko formatu, euskarri eta espazioen erabilpenaren aldeko apostua egiten duen argazki-jaialdia da GETXOPHOTO. Hiru urtero aukeratzen den komisario batekin elkarlanean egindako jaialdi tematikoa da; argazkigintza ezagutza, komunikazio eta gozamen estetikorako tresna bezala ulertzen duen jailadia.

Betikoak alde batera utzi barik, GETXOPHOTOk formatu eta erakusketarako espazioen ikerketa eta esperimentazioa du gustuko. Hauxe da bere bereizgarririk azpimarragarriena. Kontua ez da hiria apaintzea, baizik eta bereziki aukeratutako irudien bidez, hiria bera istorioak kontatzeko erabiltzea. Etxaurreak, erakusleihoak, tabernak edo kontenedoreak erabiliz GETXOPHOTOk hiritarrei begirada desberdinak helarazi nahi dizkio, eta ez, ikusiak baino ez izateko argazkiak kokatu. Helburua irudien bidez emozioak piztea da; konplizitatea eragin, zalantza egin, irudien eta pertsonen arteko lokarriak sendotu eta baita bertoko biztanle eta bisitarien artekoak ere.

Etxeko sortzaileak ahaztu barik, GETXOPHOTOk nazioarteko joera dauka, baina aldi berean, jaialdia egiten den komunitatearen parte-hartze zuzena bilatu izan du beti. Jaialdiak helburu pedagogiko argia ere badu, izan ere, bisita gidatuak, proiekzioak zein hitzaldiak antolatzen dira urtero.

Gure jakin-mina ez da argazkigintza hutsara mugatzen eta horregatik beste arlo batzuetatik datozen pertsonekin lan egiteko apostua egiten jarraitzen dugu. Moda diseinatzaileak, arkitektoak, editoreak, musikariak, artistak edo publizistak dira, beraien ekarpenez jaialdi hau handitzen eta argazkietatik haratago eramaten laguntzen ari direnak.