[Where We Belong]
Roger Caillois soziologoaren arabera, jolasaren modalitateetako bat imitazioa da. Eta, izan ere, hizkuntza batzuetan play hitza pertsonaia bat interpretatzeko edo eszenaratzeko arteaz ari da. Where We Belong proiektua jolasaren esparru horretan barneratzen da Jane Austen idazle britainiarraren jarraitzaileen fenomenoaren bitartez (Janeiteak deiturikoak). Erregeordetzaren garaian bezala orraztuta eta jantzita, Austenen unibertso literarioa birsortzen dute topaketa eta jaialdietan, eta dantzatu, paseatu, brodatu eta eleberrietako pasarteak ozen irakurtzen dituzte.
Soziologia bisualaz eta genero-rolen performatibitateaz interesaturik, Alejandra Carles-Tolra emakume-talde hauengana hurbiltzen da. Talde horiek, XIX. mendeko feminitate-idealaren atzean, elkarri laguntzeko komunitateak ezkutatzen dituzte, bere idazketatik bizi izan zen eta inoiz ezkondu ez zen egileak –garai hartako emakumeentzat pentsaezina zena– inspiratuta. Klub horietako batekin elkarlanean egindako irudiek ikonografia erlijiosoa edo Rafaelita-aurreko pintura gogorarazten dute, baina begirada garaikide batetik, non emakume-identitatea, hemeretzigarren mendekoa zein gaur egungoa, eszenaratze zorrotz baten emaitza gisa erretratatzen den.
***
1988an Bartzelonan jaioa eta Londresen bizi da. Artista bisuala ez ezik, hizlaria eta bideratzailea ere bada Alejandra. Soziologian lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean, eta Arte Ederretan graduatu zen, Massachussets College of Art and Design delakoan argazkigintzan masterra eginik. Bere lana nazioartean erakutsia eta argitaratua izan da, esaterako, National Portrait Gallery (Erresuma Batua), Photo Miyota (Japonia), FotoFever (Paris), Somerset House (Erresuma Batua), Finnish Museum of Photography (Finlandia), Wuhan Art Museum (Txina) edo PhotoEspañan. Jerwood / Photoworks sarietan edo The Guardian egunkari britainiarrean ere saritua izan da. Bilduma pribatu eta publikoetan dago bere lana, hala nola, Ingalaterrako Arts Council Collection eta Kataluniako Pla Nacional de Fotografía-n. Hezitzaile gisa baliabideak diseinatzen ditu, ikastaroak ematen ditu eta sormen-tailerrak eskaintzen ditu hainbat erakunderentzat: Autograph Gallery, University College of London, The Photographer’s Gallery, Alexandra Palace, Portsmouth University, Photoworks, MIND Charity, Create eta Northeastern University.