[Type 1.5.11.]
Proiektu honek Fallout 76ren barruan ateratako argazkiak biltzen ditu, gerra nuklearrak suntsitutako etorkizuneko mundu batean kokatzen den MMO (lineako jokalari anitzeko bideojokoa) ekintza-roleko bideojokoen sagaren prekuelan. Irudiek, marrazki arkitektonikoen antzekoak direnak, jokalariek DLC eransketen bidez sortutako etxe-babeslekuak erakusten dituzte. Eduki deskargagarria da eta, horren bidez, joko-ingurunea pertsonalizatu daiteke. Maxim Zmeyev argazkilariak bost fatxada-mota sailkatzen ditu, bost profil psikologikori dagozkienak: gerlariaren profila, etxea armamentuz eta sinbolo militarrez estaltzen duena; merkataria, iragarkiak eta vending-makinak jartzen dituena; nekazaria, fruta-arbolez eta zereal-laboreez inguratzen duena; artisaua, mota guztietako objektuak konpontzeko tresnak dituena, eta profil filosofikoa, zeinaren babeslekuak, estetika minimalistakoak, ez baitu elementu praktikorik edo apaingarririk.
Argazki-erreportari gisa esperientzia luzea du Zmeyevek eta ingurune birtualen balio dokumentala aldarrikatzen du, non, bere ustez, gure beldur eta desiorik sakonenak adierazten ditugun. “Argazki horiek existitzen ez diren munduak erakusten dituzte, eta existitzen ez den kamera batekin eginak daude, baina egiazkoak diren emozioak eta harremanak dokumentatzen dituzte”.
***
1987an jaio zen Leningraden, Errusian. Chantillyn bizi eta lan egin du, eta gaur egun Marseillan bizi da, Frantzian. San Petersburgoko Goi Mailako Turismo Eskolan lizentziaduna, Kazetaritza ikasi zuen San Petersburgoko Estatu Unibertsitatean eta 2020ean Rodchenko Argazki eta Multimedia Eskolan graduatu zen. 2009az geroztik, fotokazetari gisa dihardu eskualdeko eta nazioarteko albiste-agentzietan, Reuters edo AFP barne, baita The Guardian, Daily Mail, Newsweek, Slate, The Toronto Star eta beste hainbat hedabidetan ere. Artista bisual gisa, postargazkigintzan, in-game argazkigintzan eta bideojokoaren kulturan garatzen du bere praktika artistikoa. Bere proiektuen gai nagusia argazkigintzaren egungo egoera da.