2025 Komisarioa/gaia
LASTER

REC

Lehenik, PAUSA botoia sakatu genuen, ondoren PLAY botoia, eta oraingoan REC sakatzeko ordua ailegatu da. Sinbolo gorri eta biribilak, kamera eta gailu elektronikoetan beti erraz aurkitzen dena, ingelesezko record hitzetik hartzen du izena. Grabatu edo erregistratu esan nahi du. Irudiak memoriarekin duen harremana oso garrantzitsua da Walter Benjamin, Susan Sontag edo Georges Didi-Huberman bezalako klasikoek landu izan dituzten ikusizko ikasketetan. Baina, gaur egun eta irudiaren teknologia garaikideei dagokienez, zer geratzen da harreman honetatik?

Erabiltzearen eta botatzearen kulturak, eragiten du argazkiak edo bideoak ez hartzea uneak gordetzeko, baizik eta une horiek berehala partekatzeko eta ahazteko. Gure sentsibilitatea agortzen duen gehiegizko ugaritasunari aurre egin behar diogu, memoria bisual oro zarata huts bihurtzen delarik. Honi fake irudien ugaltze berria –errealitatearen ideia kolapsatzen dutenak– gehitu behar zaio eta edozein dokumentu giza ez diren adimenek soilik irakurtzeko moduko artxibo bihurtzea –txatarra azkar bihurtzeko diseinatutako software eta gailuak–. Gainera, datu-zentroen egitura-mugek (non oroitzapenak gordetzen ditugun, uraren eta energiaren aldetik dituzten behar ikaragarriak kontuan hartu gabe) “artxiboaren” etorkizuna mehatxatzen dute, bai artxibo pertsonalena, zein zibilizazioarena (spoiler alert: ezinezkoa izango da informazio guztia gordetzea).

Hauexek dira, hain zuzen ere, ikusizko teknologiek gaur egun paradigma-aldaketa izugarri bati aurre egin beharra eragiten duten faktoreetako batzuk. Horregatik, Getxophotoren datorren edizioan, egoera honetan irudiaren arteak nola berrasmatzen diren galdetzen diogu geure buruari: zein den artxiboak metatzearen eta kontakizun bat sortzearen arteko aldea, zein den irudiaren –eta erregistro bisualaren bidez eraikitako memoriaren– etorkizuna muturreko REC mundu batean, immateriala, oso manipulagarria eta itxuraz amaigabea.

KOMISARIOA

Ramón Qanta

María Ptqk

1976an Bilbon jaioa, arteen eta kultura teknozientifikoaren arteko elkarguneetan espezializatutako komisarioa, ikertzailea eta kultura-kudeatzailea da María Ptqk. Ikerketa artistikoan doktorea da EHUn, Zuzenbidean lizentziaduna eta Zientzia Ekonomikoetan graduatua, DEA Nazioarteko Zuzenbide Publikoan Paris II–Sorbonnen eta  Kulturaren Zuzenbidean Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Komisariatu dituen erakusketen artean, Soft Power (Amarika Proiektua, 2009), À propos du Chthulucène et ses espèces (Espace virtuel du Jeu de Paume, Paris, 2017), Ciencia fricción. Vida entre especies compañeras (CCCB Bartzelona eta Azkuna Zentroa, Bilbo, 2019-2021), Extinción Remota Detectada  (LABoral, Gijón, 2022) eta Máquinas de Ingenio (Tabakalera, Donostia, 2023).

Breve historia del pimiento para uso de la vida extraterrestre (2017), Especies del Chthuluceno. Panorama de prácticas para un planeta herido (2019) eta Laboratorios ciudadanos: una aproximación a Medialab Prado (2021) taldean sortutako liburuak eman ditu argitara. Gaur egun Getxophotoko komisarioa da, Chaire Arts & Sciences (École polytechnique, l’École des Arts Décoratifs – PSL, Fondation Daniel et Nina Carasso) argitaletxearekin kolaboratzen du eta .able journal-en argitalpen-bitartekaritza egiten du.